XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aitzinsolasa

Zer da txistua?...

Galderak erantzuna xume eta erraza duela iruditu arren, hala nahita, konplikatzeko asmoa dugu, lan hau osatzen duten kontsideroak bat-banaka hobeki bereiztearren.

Horregatik bada, txistuaren arloa bi alderditan banatuz definituko dugu, biak ere gure ustetan historian zehar garrantzirik aski izan dutelako: txistua tresna bezala eta txistua erakunde bezala.

Nahiz eta historiaren ikuspuntutik txistua deitu musika-tresnak aldaketa zenbait jasan dituen, gaur egun tutu zuzen bat dugu 42 zm.ko aho xorrotza duena luzeraz eta 2mm. dituena zabaleraz beheko partean, zurezko edo metalezko pita edo mihia ezarrita duelarik.

Tarteka-marteka uztaitxo batzuez horniturik doa, zura ez zartatzearren, eta apaingarri gisa.

Eta eraztun bat behealdean maizteko hatza bertan sartuz euskarri izateko.

Txistu-erakundea, aldiz, Korporazioen aitzindari izateko eta dantza eta jaialdi eta beste zenbait euskal ospakizunen arima da; filosofia egiten hasiz gero, txistua euskal tradizioen sortzaile, euskarri eta osatzaile dugu.

Irakurleak jakin badaki tutu edo xirula bati txistu izena eman ahal izateko, beharrezko duela definizio hauetan aipatu diren funtsezko datuak berarekin izatea.

Ohar hau egiten badugu, hona arrazoia zein den, zenbait alditan adierazpen desegokirik erabili dela alegia, gure musika-tresnaren panorama historikoa goibelduz.

Hona baztertu beharreko esaldi hauetariko zenbait:

Isturizko txistua, batere egokia ez den esaldia, eta beraz, Isturizko xirula edo Isturizko txilibitua erabiltzea, geroago arrazoituko dugunez, egokiago litzateke.